XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Hitzaurrea

Enkarterrien bihotzean egin dot ipuinagaz topo: Gordexolako ibar mamin muskerraren magalean.

Gaztelaniaren ondoan euskerak egin dau hots Gordexolako etxape zabal sendoan.

Gitxik pentsa eikean orain dala urte batzuk holakorik: lozorroan edo ehortzirik zirudian gure hizkuntza zaharrak burua jasoko ebala Enkarterrien bihotzean, kementsu eta adorez, gainera!

Gordexolako Ipuin eta kontaera laburren lehiaketaren kateak ez dau etenik agiri; katebegi guztiak osorik ditu, sorrera emon jakonik eta gehiago: zazpi katebegi lehendik eginak, eta zortzigarrentxo hau orain datorrena, eta bederatzigarrena be honezkero bideginon.

Izan be, kontaera laburrak bide erosoagoa eskaintzen dau elaberri luzeak edo beste genero batek baino diran asmoetarako: dauan neurri laburragaitik eta idazle edo idazlegaien partaidetza ugariagoa errazten daualako; gazte, heldu zein txiki, jende gehiagok heldu leikeo ipuingintzari, denbora eta neurri laburragoan bete leitekean asmoa izanik.

Eta bestetik, edozein gai, arazo edo gogoeta irudikatu leiteke trama soil baten bidez.

Ekintza soilagoa izan dau, pertsonaiak lausoago zertzelatuko dira elaberrian baino; baina sortzaileek eragozpen handi barik sortuko bere mundu begitandu hori eta gura dauan mezua modu atsegin eta gozoan adierazoko dau.

Ipuin-bilduma honek Enkarterrietan dauan ezkero sorburua eta abia, ezin ezetara be gomutara ekarri barik itxi nei Antonio de Trueba idazle sonatua: gugandik honezkero urrundurik egon arren haren estiloa eta hak isladatzen eban bizigiroa, hots handia jaso eban bero aldian enkarterritar honek, eta, hagandik urruntzen gaituana gorabehera, gaur be gogotik irakurten ditugu haren ipuinak.

Enkarterrietako bizimoduan sustraituriko kontaerak: hemengo usadio-ekandu, pertsonai-eredu, bizimodu, pentsamolde eta sentierak isladatzen dabezan ipuinak; erdaraz idatzirik egonagaitik, euskal usain gozagarria darien gertakariz bilbatuak.

Truebaren eragina ez zan makala izan bere aldiko eta ondorengo euskal idazleetan be.

Patxiko Trenen izenaz euskaldundu eban Apaolazak haren El Judas de la casa, Etxeita mundakarrak be, beste batzuen artean, euskeratu eutsazan ipuinen batzuk.

Gordexola Ibarreko lehiaketa honen bidez ostera be baturik ikusten ditugu kontaera laburra, euskal giroa, euskara bera eta Enkarterriak.

Literatura-kate honen sortzaile, eragile eta laguntzaile guztiei etorkizun emankorra opa deutset, orain artean jaritsitakoagaitik zorionak emonaz batera.

Katea ez bedi eten, katebegi barriz luzatu eta aberastu bedi. Urteoroko ekin eta ahaleginak sortu begi literaturarentzat eskepe epel bat sekulorun sekulotan.